Bertsolaritza Guadalajarako Ipuin Maratoian

Bertsolaritza Guadalajarako Ipuin Maratoian

Bertsolaritza Guadalajarako Ipuin Maratoian

Joan den asteburuan Guadalajarako Ipuin Maratoia ospatu zen bere 23. edizioan eta niretzako benetan berezia izan zen gauza ezberdinengatik. Hasteko, ostiral arratsaldean Inoiz entzun gabeko ipuin kontalarien txokoan hartu nuen parte. Badira urte batzuk txoko hau martxan jarri zutela, Guadalajaran inoiz kontatu ez duten ipuin kontalariak ezagutzera emateko. Nire lehenengo aldia zen, beraz, Guadalajaran, beste narratzaile eta publiko berri baten aurrean kontatzen: urduritasuna pil-pilean.  
Eskerrak, dena oso ongi atera zen; publikoa, mundiala -entzuten ohituta dagoen publikoa da, eta hori nabaritzen da- eta ni, nire saltsan. 
Guadalajarako Maratoia ahozkotasuna ospatzeko lekua denez, larunbat goizean Asier Altunak 2011. urtean zuzendu zuen Bertsolari filmea ikusteko aukera izan genuen eta hunkigarria iruditu zitzaidan. Benetan miresgarria da bertsolariek hitz soilarekin egiten dutena. Egia esan behar badut, niri bertsoak entzuteak bakarrik oilo ipurdia jartzen dit. Honi etxetik urruti euskara entzutea gehitzen badiogu eta, gainera, bertsoen inguruan, emaitza garbia da: zirrara handia. Eta hor ez zen bertsolaritzaren esperientzia bukatu Guadalajaran zeren, gau horretan bertan, eszenatoki nagusian, Miren Amuriza bertsolaria eta Carlos Perez Aradros ipuin kontalari errioxarraren arteko norgehiagoka ikusteko aukera izan genuen; lehenengoa euskaraz, bigarrena gaztelaniaz, Joxemari Carrereren itzulpenak lagunduta elkar ulertzeko. Bertsoak itzultzean asko galtzen da, jakina, bertsolariek duten grazia eta poesiarako joera errepikatzea oso gaitza baita. Hala eta guztiz ere, entzulegoa bete-betean sartu zen bat-bateko jolas horretan eta txalo zaparradak ugariak izan ziren.  
Benetan polita izan da etxetik kanpora gure hizkuntza entzutea normaltasun osoz; are gehiago bertsolaritzaren eskutik, artea eta poesia zuzenean.

Maraton De Los Cuentos Guadalajara 2014

Iruzkinak (0)

Iruzkin bat egin

Spam aurkako kodea
Inés Bengoa Ipuin kontalaria

Inés Bengoa AEDAko kidea da

Estatu Mailako Kontalari Profesionalen Elkartea

Ipuin Kontalaria